Landaredia Inprimatu

Arroilen ezaugarri guztiz bereziengatik, bertan ezartzen diren landare-komunitateek ere halako berezitasun bat dute, baina funtsean anitzak dira. 

Arroiletako mikroklima erabakigarria da landarediaren osaerari dagokionez. Ibaiak ekartzen dituen aldaketa klimatikoak eta eragin leungarria, eguzkiarekiko esposizioa duten pareta bertikalen beroketa, bide estuan abiatzen diren haizeen eragin lehorgarria... faktore horiek guztiek zaildu egiten dute haitzetako irtenguneetan lurzorua eratzea eta landarediaren estratifikazio berezia sortarazten dute.

Arroka soilaren gainean ezartzen ahal den organismo bakarra likena da. Berez, sinbiosian bizi diren bi organismo dira, alga bat eta onddo bat. Likena hiltzen denean materia organikoa geratzen da eta lurzoru eremu txiki bat eratzen. Arrokako alderdi hezeetan, hasierako lurzoru hori agertzen denean, goroldioak eta iratzeak ezartzen dira, eta horiek materia organiko eta lurzoruko azalera gehiago sortzen dute harkaitzetan, geroago lehorte gogorra jasaten ahal duten zuhaixken eta zuhaitzen oinarria izanen dena. 

Oro har, arroila batean honako ingurune hauek bereizten ahal ditugu (Ilunberriko arroilako espezieak aipatzen dira, adibide gisara):

  • Harkaitzezko paretak: kolonizatzen dituzten landareak bizi baldintza gogorretara moldatuta daude (ur gutxi, muturreko tenperaturak eta oso aldakorrak, lurzoru gutxi...). Ingurune horietan aurkituko ditugu likenak, landare mamitsu txikiak, huntzak eta zuhaixka txikiak (sabina, artea, ipurua).
  • Harritzak: eguzkiak gogor berotzen ditu hegoaldera ematen duten paretak eta tenperatura-kontraste handiak sortzen ditu. Horren ondorioz harriak etengabe erortzen dira eta harritza-hegalak eta lurzoru guztiz ezegonkorrak sortzen dira. Paretatik urrutiago, lurzorua egonkorragoa denean, tamaina handiagoko aleak ezartzen dira eta arte eta ipuru sorta txikiak agertzen dira.
  • Haitzebakiaren oineko baso mistoa: harkaitzezko pareta itzaltsuagoetan ingurune hezeagoak daude, landaredi anitzagoa izatea laguntzen dutenak. Haginak, astigarrak, ezkia, lizarra, hurritza, elorriak, gurbeak, ezpela, gorostiak, intsusak, zumarrak...
  • Galeria-basoa: ibaiak hezetasun handia eta mantenugai ugariak ematen ditu. Landaredia ibilguaren ibilbidean zehar agertzen da, "galeria" izeneko zerrenda bat eratuz: zuhaitzak zerrendatan antolatzen dira, ibilguarekiko perpendikular den ardatz baten arabera (hezetasunaren ardatza). Ibaiaren erasoak gogorrak dira, eta beharrezkoak dira sustrai sakonak, gorputz malguak eta hazteko eta birsortzeko ahalmen handia. Ezaugarri horiek dituzten ingurune horietako espezieek: zumeak, haltzak, sahatsak, lizarrak, hurritzak...

Pirinioaurreko arroiletan intereseko endemismo batzuk ere aurkitzen ahal dira, esate baterako, Saxifraga longifolia.