FAUNA Inprimatu

Arroilak, oro har, eremu garrantzitsuak dira ornitologiaren aldetik, bertako baldintza fisikoak "edonorendako egokiak" ez direnez, hegazti espezializatuen (harkaiztarren) eta anitzen komunitate bat gordetzen dutelako.

Aipatu behar den espezie adierazgarrienetako bat sai arrea da; lekune horietan penintsulako eta Europako ugalketarako kolonia handienetako bat dago (250 ugalketarako bikote inguru Arbaiungo arroilan).

Beste alde batetik, arroiletan agertu ohi diren beste espezie batzuk interes handikoak dira, hain ugariak ez direlako, edo kontserbazio egoera ahulagoan daudelako. Esate baterako, sai zuria (ugalketa garaian), ugatza, harkaitz zozo urdina edo harkaitz-txoriak.

Komunitate horretan sartzen dira, halaber, belatz handia, hontz handia, arrano txikia, arrano sugezalea, arrano beltza, belatxingak, haitz-enarak eta beste espezie batzuk, ohikoagoak direnak basoetan eta ibaiertzetan, alegia, okil beltza, aztorea, gabiraia, urubia, martin arrantzalea, edo koartzak, beste askoren artean.

Hegaztien aberastasun horregatik, zonaldeak interes berezia du ornitologiako turistentzat. Horregatik Irunberriko eta Arbaiungo arroilak, bisitarako azpiegiturak baitituzte, Nafarroako Gobernuko Turismo Departamentuaren produktua den Birding Navarrako intereseko zonaldeetako bat dira.

Ugaztunetan ere aniztasun oparoa dago: azkonarra, basurdea, azeria, orkatza, basakatua, lepazuria, katajineta edo igaraba ikusiak izan dira noiz edo noiz, eta ohikoa da haien arrastoak aurkitzea arroilak zeharkatzen dituzten ibaietako urbazterretan. Gune horietan, bereziki leku ezkutuenetan, egon daitezkeen espezieak ditugu Pirinioetako muturluzea eta ur-ipurtatsa.

Harkaiztien egitura berezia dela eta, saguzar espezie batzuk ere ohikoak dira arroiletan.

Animalia espezieetan interesekoak dira, halaber, uhandre piriniotarra, Eskulapioren sugea, ibai-karramarro autoktonoa, arkanbelea, edo Gomphus graslini burruntzia.