Arroilak naturgune babestu gisa Inprimatu

Naturgune Babestuak diogunean Nafarroako Foru Komunitateak legez deklaratu dituen babespen figurei buruz ari gara: Nafarroako naturguneei buruzko foru legea.

Aipatu legeak ezartzen duenaren arabera Nafarroako arroila batzuk hainbat babes figuraren bidez daude babestuak: 

  • Ilunberriko arroila (Natur Erreserba): zalantzarik gabe, Nafarroako arroiletan irisgarritasun handiena duena. Irati ibaiak zulaketa eginez sortu du, Ilunberriko mugapean. Bere barnean harkaitzeko landaredi interesgarria dago; saien kolonia handi bat ere badago, eta horrekin batera sai zuriak, hontz handiak eta belatxingen eta bele txikien koloniak.
  • Arbaiungo arroila (Natur Erreserba): Leireko mendilerroko iparraldeko hegalean Zaraitzu ibaiko urak kanoi sakon bat zizelkatu du, 6 kilometroko luzera duena, eta haitzebaki malkartsuak, erlaitz eta koba zabalak gordetzen dituztenak. Arroilaren barnean dagoen landaredian komunitate ezberdinak agertzen dira, orientazioaren eta baldintza mikroklimatikoen arabera. Arroilako artadiarekin, haitzebakiaren oinean baso mistoa izaten da. Nafarroako sai arreen kolonia nagusia du, penintsulako handienetako bat baita.
  • Ugarrongo arroila (Natur Eekunea): Arteta ibaiak zizelkatua Urraulgoitiko eta Urraulbeitiko udal mugapeetan. Artadia nagusi da, eta oihanpean klima mediterraneoko berezko zuhaixka espezieak daude (ezpela, beltxalea, ahuntzadarra). Faunan, sai arreaz eta belatz handiaz gain, aipatzekoak dira igaraba eta muturluze piriniotarra.
  • Iñarbeko arroila (Natur Erreserba): Irati ibaiaren bi aldeetan , Orotz-Betelu eta Artozki artean dauden labarrak eta basoak biltzen ditu. Arroilako sarrerako landaredi nagusia Quercus humilis espezieko harizti piriniotarra da, eta barruko aldeetan pirinioaurreko arroiletan ohikoa den artadia agertzen da. Arroil honetako amildegiek intereseko espezie batzuk gordetzen dituzte, esate baterako saia, sai zuria, belatz handia, harkaitz zozo urdina eta malkar-sorbeltza. Basoan zapelatza eta urubia ezkutatzen dira, eta katajinetak, basakatuak, ipurtatsak eta lepazuriak ere bai.
  • Txintxurreneko arroila (Natur Erreserba): Urrobi ibaiak zizelkatua 1,3 km-ko luzeran, Nagoretik Orbaitzeraino; paretak, kareharriz eta dolomiaz eginak, nahiko jarraiak dira, ez oso altuak, eta ongi zedarritzen dute arroila. Harkaitzetan koba eta erlaitz ugari daude, hegaztien habietarako erabilgarriak direnak. Arroilako landaredia artadia da, ongi egituratua eta toki batzuetan ibaiaren ertzeraino iristen dena. Faunari dagokionez, eskualdeko ohiko haragijaleez gain (basakatua, katajineta, lepazuria...) eguneko harraparietan lau espezie agertzen dira (sai zuria, saia, belatz handia eta arrano beltza). Basoan okil beltza aurkitzen ahal dugu. 
  • Gazteluko arroila (Natur Erreserba): irati ibaiak sortutako arroilako ertzak biltzen ditu, usozko presatik aurrera. Landaredi nagusia arroilako artadia da, oihanpe ugariarekin. Fauna izaera medierraneokoa da; aipatzekoa da hontz handia. Harkaitzetan sai zuria, belatza, malkar-sorbeltza eta belatxinga mokogorria. 
  • Benasako Arroila (Natur Erreserba): Nabaskoizetik hegoaldera dago, Zaraitzu ibaiaren ibaiadarra den benasa errekak eratua. Bi eskualdeen arteko mugan dagoenez arroilan izeia eta artea agertzen dira. Faunari dagokionez, aipatzekoak dira arrano beltza, sai zuria eta sai arrea.
  • Burgiko arroila (Natur Erreserba): Nafarroaren eta Aragoiren artean dago. Tamaina itzeleko haitzartea da, Ezka ibaiak Illon eta la Peña mendilerroen artean ireki duena, mendilerroetako kareharriak eta dolomiak higatuz. Landaredi nagusia ametz ilaunduna da, eta hain malkartsuak ez diren aldeetan zuhaixka ugarirekin nahasten da. Alde zailenetan artadi mediteraneoa nagusitzen da, gurbitza, gogortxua eta hagina lagun dituela. Hegaztien populazioa Nafarroako anitzenetakoa da; azpimarratu behar dira sai arreen, arrano beltzen eta sai zurien kolonia handiak, eta korbido ugariak; bestetik, ugatzak habia egiteko eremua da.

Lekune horiek Naturgune Babestu deklaratzeak lurraldearen erabilerak murriztea dakar. Ikus xehetasun gehiago bisitarako arau eta gomendioak atalean. 


Agoitz-Ilunberriko arroko beste naturgune babestu batzuk:

Ilunberriko arroilatik gertu La Piedrako eta San Adriango labarrak daude, horiek ere Natur Erreserba deklaratuak. Agoizko arroan, halaber, Ekiza herriko etxadiko ipurua dago, Monumentu Natural deklaratua.  Babes figura hori zuhaitz bati edo zuhaitz multzo bati egozten zaio, bere ezaugarri batzuk direla eta (espeziea, neurriak, adina, historia, ekologiaren edo paisaiaren arloko interesa, beste bereizgarri batzuk...) babes berezia behar badu.