Ermitak, elizak eta monasterioak Inprimatu

Eskualde horretan ermita ugari daude, batzuk arkitektura deigarrikoak, beste batzuk apalagoak. Haietako bakoitzak badu bere erromeria, erlijio-kultura arloko ekitaldi bat, tokiko jendearen artean oso errotuta dagoena.

Aipagarrienak honako hauek dira:

  • Santa Fe: Interes Kulturaleko Ondasun (IKO) deklaratua. Antzinako monasterioak, basilikak eta herriko etxeak osatzen dute multzoa. Elizaren ondoan XVII. mendeko klaustro bat dago, eta XV. mendeko garai bat, patio angeluzuzen ireki batean kokatua. Garaia zurezko habeetan oinarritzen da, eta horiei harrizko 12 zutabek eusten diete, goialdean harri zirkularrak edo "txapelak" baitituzte. 1980-81. Urteetan osorik zaharberritu zen, harri guztiak desmuntatu eta zenbakitu ondoren, geroago modu berean jartzeko. Gaur egun landa hostal bat eta jatetxe bat daude. Urtean bi erromeria daude: Corpus egunaren aurreko igandean eta urriaren 6an.
  • Artaizko San Martin Eliza: Interes Kulturaleko Ondasuntzat hartua (IKO), Nafarroako landa-erromanikoaren adierazpen ederrenetako bat dugu. Eliza hori XII. mendean hasi zuten, nabe bakarreko eraikuntza xumeak erakusten duen moduan. Gotikoaren garaian horma-pintura multzo batez aberastu zuten. Pinturak, gaur egun, Nafarroako Museoan gordetzen dira, eta Nafarroako horma-pinturako obra zaharrenetakotzat jotzen dira. Monumentu ondareko harribitxi horren xarma bere eskultura aberats eta zainduan datza. Artaizko monumentu multzora bisita borobiltzeko Erromanikoaren Interpretazio Gelara ere bisita egin daiteke.
  • Artziko Santa Maria eliza: soro batean dago, Zanduetara iritsi baino lehentxeago, Urrobi ibaiko zubi txikia oinez zeharkatuta. XII. mendearen bukaerako eliza bikaina da, landa-erromaniko estilokoa.
  • San Pedro ermita (Usun). San Pedro monasterioa eta lekua izan zen. Hari buruzko lehen berria 829koa da Opilano apezpikuak San Pedro eliza sagaratu zuenean. Nafarroan ezagutzen dugun sagaratze datadun zaharrena da, baina gaur egun dagoen eraikina ez da data horretakoa. 924. urtean Antso Gartzes I.ak, bertan osasun ona berreskuratu zuenez, esker onak adierazteko Iruñeko Galindo apezpikuari eman zion dohaintzan, Usun hiribilduarekin eta inguruko beste herri batzuekin batera. 2005. Urtean hein batean zaharberritu zen. Aste Sainduan eta udan aukera dago barrura sartzeko, Arbaiungo arroilako zaindariari eskatuta. Erromeria maiatzaren 1ean egiten da. 
  • Trinitatea ermita (Ilunberri): Irunberriko mugapean dago, Leireko mendizerrako mendebaldeko muturrean, malkar baten gainean. Ilunberriko arroilara, eta oro har, arro osora begirako talaia ederra da. Txikia eta zuria, eta beti distiratsu, urrutitik ikusten da Trinitaterako erromeria Nafarroako herri tradizio deigarrienetako bat da, bere indar eta dramatismoagatik. 
  • Santa Maria Magdalenaren monasterioa (Ilunberri): XVI. mendearen bukaeran eraiki zen. Moja beneditarrek 1991ean utzi zuten. Eliza XVII. mendekoa da. Latindar gurutzeko oinplanoa du, eta habeartean sei tarte daude. Gurutzaduraren erdia kupulaz estalita dago, eta gainerakoan kanoi-ganga lunetadunak daude. Kanpoaldean portada zaharrak kolomak ditu, frontoi bati eusten diotenak, eta hartan nitxo bat dago, titularraren irudia gordetzen duena.
  • Jasokundeko eliza (Ilunberri): erretaula nagusia, Jasokundeari eskainia Interes Kulturaleko Ondasun (IKO) deklaratua dago. Bere apainduraren balioa areagotu egiten da XVI. mendeko eskulturek gordetzen duten jatorrizko polikromiari eta XVIII mendeko urrezko tresneriaren distirari esker.